Saltar la navegación

Sarrera

página de inicio ayuda (guía de consulta) buscar descargar (pdf) imprimir broken link

 

 

cita ENG Basque - history of translation CAT Basc - història de la traducció GLG Éuscaro - historia da tradución POR Basco - história da tradução SPA Euskera - historia de la traducción

 

aurkibidea

Sarrera | Euskarazko literatura-itzulpena (1571-1968) | Erreforma eta itzulpen literarioaren hastapenak | Kontrarreforma eta erlijio-testuen itzulpena | Ilustrazioa eta literatura didaktikoa | Mugimendu erromantikoa eta literatura militante kontserbadorea | Euskal Pizkundea | Itzulpengintza diktadurapean | Espainiako trantsizioa eta euskal itzulpengintzaren urrezko aroa | Itzulpengintza ez-literarioa | Beste hizkuntzetara itzulitako euskal literatura | Ikerketarako potentziala

 

Introducción  Sarrera

Zorion-ek egina - North of the Pyrenees: Les Racines de la Langue Gasconne (identité culturelle, limites linguistiques), Halip Lartiga (2001) Ikusi: euskararen atzerakada (Gaskoinia) South of the Pyrenees: Navarra: historia del euskera, José María Jimeno Jurío (1997), Euskara, euskaldunon hizkuntza, Joseba Intxausti (1990). Beste iturri bat: euskara arkaikoa: hedadura eta ahaideak, Luis Nuñez Astrain (2003)

Euskaraz hartuako eremua azken 2.000 urtean zehar. Wikipedia Commons

Euskarazko itzulpenaren historia hau XVI. mendetik gaur arte euskarara itzulitako eta xede sisteman literariotzat jotako testuen laburpen deskribatzailea da.

Euskara Euskal Herriko herri-hizkuntza da. Jatorri ezezaguneko hizkuntza preindoeuroparra da, eta, erromatarren garaiko akitaniar hil-idazkun batzuen onomastika eta Iberiar Penintsulako iparraldeko hereneko toponimo ugari kontuan hartuta, gaur egungoa baino askoz hedadura handiagoa izan zuen. Euskal Herria (euskara-hiztunen herria) kontzeptu kulturala da, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko lurraldeak, eta Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lurralde historikoak) hartzen dituena. Gaur egun, lurralde horrek hiru milioi biztanletik gora ditu, eta horietatik % 45 inguruk euskara erabiltzen, ezagutzen edo ulertzen du, orotara milioi eta erdi inguruk. Horietatik, kalkuluen arabera, 750.000 pertsonak erabili ohi dute Euskal Autonomia Erkidegoan, 85.000 inguruk Nafarroan, eta 54.000 inguruk Frantzian (VI. Inkesta soziolinguistikoa, 2016).

Euskarara itzulitako lanen ehunekoa guztizko literatura-ekoizpenaren % 20 ingurukoa da (1545etik gaur egun arte), nahiz eta antzinako literaturan ia % 50era iritsi. Mila titulu inguru euskaratu dira, eta horien % 40 1990eko hamarkadan itzuli zen, itzulpen jarduera handiena izan zuen hamarkadan. Haur eta gazte literaturari dagokionez, tasa hori hirukoiztu egiten da, eta ekoizpenaren bi herenera iristen da (López Gaseni 2000, 2009).

 

 

 

[título del epígrafe]Euskarazko literatura-itzulpena (1571-1968)

Euskaraz argitaratutako lehen liburua, Linguae vasconum primitiae, Bernart Etxeparek 1545ean plazaratua
Euskaraz argitaratutako lehen liburua, Linguae vasconum primitiae, Bernat Etxeparek 1545ean plazaratua. Wikipedia

Polisistemen teoriaren ikuspuntutik (Even-Zohar 1990), euskal literatura-sistemak sistema gaztetzat hartua behar du izan, berandu samar hasten delako, eta ahultzat, historian zehar errepertorio asko faltan izan dituelako, eta horietako batzuk itzulpenaren bidez sartu direlako. Izan ere, Sarasolaren azterketa kuantitatibo klasikoaren arabera (1982), antzinako euskal literaturak, 1545 (euskarazko lehen argitalpenaren data) eta 1879 (euskal foruen abolizioaren data) artean, guztira 194 lan zituen, horietatik 101 itzulpenak ziren eta 12 baino ez ziren erlijiozkoak ez ziren jatorrizko obratzat hartzen. Zenbaki horiek, gerora berrikusi eta doitu badira ere, argi eta garbi erakusten dute garai hartako euskal literatura-ekoizpenaren erdia baino zertxobait gehiago itzulita zegoela, eta haren zati handi bat gai erlijiosokoa zela.

 

 

 

 

gora

[título del epígrafe] Erreforma eta itzulpen literarioaren hastapenak

Nafarroako erreginaren irudia duen Itun Berriaren lehen itzulpenaren portada.
Nafarroako erreginaren irudia duen Itun Berriaren lehen itzulpenaren portada.

Euskarara egindako lehen itzulpenak (eta, aldi berean, haren literaturako prosazko lehen testuak) Joanes Leizarragak (Beskoitze, Lapurdi) egin zituen, Luterok Alemanian hasitako eta Kalbinok Frantzian eta Suitzan jarraitutako Erreformaren testuinguruan. Paueko Sinodoan (1563), Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginak testu erreformista batzuk bere lurraldeetako hizkuntzetara, euskarara eta bearnesera, itzultzea agindu zuen. Euskarazko itzulpenen enkargua Leizarragak bete zuen, eta haren ondorioz hiru lan argitaratu zituen 1571n: Iesus Christ Gure Iaunaren testamentu Berria, hainbat gehigarrirekin batera; ABC edo Christinoaen Instructionea othoitz eguiteco formarequin; eta Kalendrera. Hiruretan garrantzitsuena, Itun Berriaren itzulpena, Erasmoren grezierazko eta latinezko bertsiotik eta Olivetanen frantsesezkotik egina, hiru baldintza edo muga garrantzitsuren mende egon zen: alde batetik, euskarazko aldez aurretiko eredu narratiborik eza; bestetik, testu sakratuekiko fideltasun zorrotza, eta, azkenik, testuaren irakurgarritasuna, heziera gutxiko edo batere hezierarik gabeko eta euskararen aldaera askotako hartzaileentzat. Leizarragak Lapurdiko euskalkian oinarritutako testu batekin ebatzi zuen, non ekialdeko beste bi euskalkiren elementu lexiko eta morfologikoak integratu zituen, latinetik hartutako egitura kultuen erabilerarekin batera (Michelena 1988). Ondoriozko eredua, oso aztertua eta laudatua gaur egun, ostrazismora kondenatua izan zen Kontrarreformaren etorrerarekin.

gora

[título del epígrafe] Kontrarreforma eta erlijio-testuen itzulpena

Joana Albretekoaren semea, Henrike III.a Nafarroakoa, Frantziako Henrike IV.a izenarekin Frantziakoa tronura eraman zuen katolizismorako bihurtze ospetsuak, eta Trentoko Kontziliotik zetorren derrigorrezko zurruntasunaren hedapenak, hurrengo bi mendeetan zehar, garaiko testu erlijioso ezagunenetako batzuen itzulpen eta berrargitalpen ugari ekarri zituzten.

Lehenengoa aparta da, arabar itzultzaile batek egina baita, Joan Perez Betolatzak, eta mendebaldeko euskalkiaren dokumentu garrantzitsu bat baita. Jeronimo Ripalda jesuitaren katiximaren itzulpena da, edizio elebidunean argitaratua, Doctrina Christiana en Romance y Basquence (1596) izenburuarekin.

Itzulpen gehien jaso zituen obra De imitatione Christi (1427) deboziotegia izan zen, Thomas Kempiskoa apaiz alemaniarrarena, euskarazko bost bertsio ezagutzen zaizkiolarik. Lehenengo biak “Sarako Eskola” izenez ezagutzen den idazle-taldeko kide banaren lanak dira: Iesusen Imitacionea, Silvain Pouvreaurena, 1660ko hamarkadan idatzia baina XX. mendera arte argitaratu gabea; eta Jesu Christoren imitationea (1684), jatorrizko obraren III eta IV liburuen itzulpena, Jean d’Arambillagaren eskutik. XVIII. mendean, Michel Chourioren (Jesus-Christoren Imitacionea, 1720) eta Martin Maisterren (Iesu-Kristen Imitacionia, 1757) itzulpenak dokumentatu ziren. XIX. mendean, berriz, Jean Pierres Duvoisin itzultzaile eta Bonaparte printzearen kolaboratzaileak Jesu Kristoren imitazionea izeneko bertsioa osatu gabe utzi zuen, gerora Haristoyk osatu eta 1896an argitaratua.

XVII. mendean zehar beste obra erlijioso batzuk itzuli ziren. Lehen aipatutako Silvain Pouvreauk Richelieu-ren Instruction du Chrétien (1621) katixima euskaratu zuen, honako izenburu honekin: Guiristinoaren Dotrina (1656); Introduction à la vie dévote (1608), Frantzisko Saleskoarena: Philotea (1664); eta Combattimento spirituale (1589), Lorenzo Scupolirena: Gudu Espirituala (1665). Cristobal Harizmendik, “Sarako Eskolako” beste kide batek, Ama Birjinaren ofizioak euskara-latin bertsioan egokitu zituen, Ama Virginaren hirur officioac latinean bezala eskaraz (1660) izenburuarekin.

Hurrengo mendean, testu erlijiosoen itzulpenak Joannes Haranederren bidez jarraitu zuen, zeinak, alde batetik, Pouvreauk itzulitako bi lanen bertsio berriak idatzi zituen: Philotea (1749) eta Gudu Espirituala (1750); bestetik, Itun Berri katolikoa lehen aldiz itzuli zuen Vulgatatik abiatuta: Jesu-Christo Gure Iaunaren Testament Berria, 1740ko eskuizkribu bat, 1855 arte argitaratu ez zena. Pierre d‘Urte artzain protestantea, bere aldetik, Genesiaren eta Irteeraren zati baten itzultzaile izan zen. Bernard Larreguyk, Ustaritzeko parrokoak, L’Histoire du Vieux et du Nouveau Testament itzuli zuen, Sombrevaleko priore Royamounteko jaunak sinaturiko lana, (Louis-Isaac Le Maistre de Sacy, Port-Royaleko Bibliaren itzultzailearen goitizena), Testament çaharreco eta berrico historioa izenburuarekin (1775-1777), bi testamentuez gain, zenbait exempla, santuen bizitzak eta sermoiak biltzen dituena. Hego Euskal Herrian, Sebastian Mendiburu jesuitak Jean Croisseten La devotion au sacré coeur de Nôtre Seigner Jesus-Christi (1732) deboziozko obra egokitu zuen, Jesusen Bihotzaren devocioa (1747) izenburuarekin, eta Asteteren katiximaren itzulpen baten egilea da; beste jesuita batek, Agustin Kardaberazek, Jeronimo Dutariren Vida christiana (1710) egokitu zuen: Cristauaren bicitza, edo bicitza berria eguiteco bidea, bere amabi pausoaquin (1744). Bestalde, Juan Antonio Ubillos frantziskotarrak Claude Fleuryren Catéchisme historique (1679) itzuli zuen, Christau Doctriñ Berri-ecarlea (1785) izenburupean.

Erlijiozkoak ez diren itzulpenak bi lan tekniko besterik ez dira: ganaduaren zaintzari buruzko liburuxka bat, Laborarien abissua (1692), Mongongo Dassança lapurtarraren itzulpena, Praedium rusticum (1554) delakoaren bertsio murriztua, Charles Estienne medikuarena; eta nabigazio-liburu bat, Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa (1677), Piarres Etxeberri “Dorre”k euskaratuta, Martin de Hoyarzabalen Les voyages aventureux du capitaine Martin de Hoyarsabal (1633) obra oinarri hartuta.

gora

[título del epígrafe] Ilustrazioa eta literatura didaktikoa

XIX. mendetik aurrera, joera aldatu zen euskarazko argitalpenetan, eta, erlijio-gaiak alde batera utzi gabe, literatura didaktiko-morala nabarmendu zen, Ilustrazioaren espirituaren isla gisa. Joera hori jasotzen da, orain, alegia-errepertorio klasiko eta neoklasikoen itzulpenaren bidez inportatutako lanen corpusean.

Bizenta Mogel (1782-1854), itzultzailea eta euskarazko literaturako lehen emakume-ahotsa
Bizenta Mogel (1782-1854), itzultzailea eta euskarazko literaturako lehen emakume-ahotsa. Fuente Wikipedia.

Juan Antonio Mogelek (1745-1804), batez ere Peru Abarka (1881) elkarrizketagatik ezaguna, eta Humboldten berriemaile Euskal Herrira egindako bisitetan, ehun bat alegia idatzi zituen, eta Pascalen pentsamenduak (Pascalen Gogamenak, 1899) eta Asteteren katixima (Cristinauaren jaquinvidea, 1805) itzuli zituen. Haren iloba, Bizenta Mogel, euskal literaturaren historiako lehen emakumezkoa, Esoporen berrogeita hamar bat fabula biltzen dituen Ipui onac (1804) lehen alegia-itzulpenaren egilea izan zen. Garaiko beste itzultzaile bat Juan Mateo Zabala frantziskotarra izan zen, bere Fábulas en dialecto vizcaíno lanean, bere eskutik idatzitako hogeita bat konposizioz gain, Esopo, La Fontaine,  Samaniego eta Juan Antonio Mogelen beste zenbait alegia bildu zituena. Agustin Paskual Iturriaga idazle eta pedagogo gipuzkoarrak ekarpena egin zion euskarazko alegiagintzari bere lanik ezagunenean: Fábulas y otras composiciones en verso bascongado (1842), Samaniegoren 55 alegiaren itzulpenak dituena, Virgilioren lehen eta hirugarren eglogez gain. Ipar Euskal Herrian, alegien itzulpena La Fontaineren obran oinarritu zen nagusiki: Jean Baptiste Archuk La Fontainaren aleghia berheziak (1848) izenburuko hautaketa argitaratu zuen zuberera bertsifikatuan; eta Leonce Goyhetche apaiz lapurtarrak fabulagile frantsesaren 150 piezaren bertso-itzulpena, Fableac edo aleguiac Lafontainenetaric berechiz hartuac izenburupean (1852).

Esan bezala, literatura didaktiko-moralarekin batera, testu erlijiosoen itzulpengintzak bere bideari jarraitu zion: Asteteren katiximaren bi bertsio berri: lehen aipatutako Juan Antonio Mogelen bertsioa, eta Pedro Antonio Añibarro frantziskotarraren (Cristau dotriña, 1802-1803) goi-nafarrerazko beste bat. Joakin Lizarraga nafarrak San Joanen ebanjelioa itzuli zuen hegoaldeko goi-nafarrerara, gaur egun desagertuta dagoena. Bestalde, Juan Jose Oteiza mediku gipuzkoarrak San Lukasen ebanjelio protestantearen itzulpen bat egiteko agindua jaso zuen: San Lucasen ebanjelioa (1838). Beste itzulpen erlijioso batzuk santuen biografiak dira, horien artean Frantzizko Laphitz Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Frantzizco Zabierecoarena (1867), hainbat iturritatik itzulita (Ribadeneira, San Arrulores, Bouhours, Rohrbacher, Daurignac). Gregorio Arruek ere San Inazioren bizitza bat idatzi zuen (Aita San Inazio gloriosoaren bicitza, 1866), baina haren itzulpenik ezagunena Santa Genovevaren bizitza izan zen: Santa Genovevaren vicitza (1868), jatorriz Christoph von Schmid apaiz alemaniarraren lana (Genovefa, 1810), haurrei zuzendua. Arrue beste itzulpen askoren egilea da, hala nola Villacastín jesuitaren Oración mental delakoarena; Kempisen bertsio berri bat, Kristoren imitazioa (1887); Alfonso Maria Ligorioren Mariaren Gloriak (1881), etab.

gora

[título del epígrafe] Mugimendu erromantikoa eta literatura militante kontserbadorea

Itzulpen erlijioso guztiek ez zuten, ordea, helburu ebanjelizatzailerik. Espiritu erromantikoak hainbat poligrafo europar eraman zituen Euskal Herriaz, hizkuntzaz eta ohiturez interesatzera. W. von Humboldtez gain, beste zenbaitek bisitatu zuten Euskal Herria eta hartaz idatzi: Victor Hugo, Jan Van Eys, Julien Vinson, Hugo Schuchardt, Antoine d’Abbadie eta, bereziki, Louis-Lucien Bonaparte (1775-1840), Napoleonen iloba.

Bonaparte printzea itzulpengintzaren zeharkako bultzatzaile izan zen, kolaboratzaile batzuei testu beraren itzulpenak enkargatzearen bidez, euskalkiak aztertu eta euskalkien mugak ezartzeko asmoz. Gehien errepikatzen diren testuak San Mateoren Ebanjelioa, Kantarik Ederrena, Apokalipsia, Biblia osoa eta Asteteren katixima dira. Itzultzaileak hauek izan ziren: Intxauspe zubererarako, Uriarte bizkaiera eta gipuzkerarako, Etxenike baztanerarako, Salaberri behe-nafarrerarako, Otaegi gipuzkera eta goi-nafarrerarako, Mendigatxa erronkarierarako eta Jean-Pierre Duvoisin lapurterarako. Azken hori izan zen guztietan nabarmenena, Bibliaren itzulpen bikain bati esker, Bible Saindua edo Testament Zahar eta Berria, 1859 eta 1865 artean Londresen argitaratua, non Bonapartek bere babespeko lanak inprimatu ohi zituen.

Bestalde, garaiko literatura militante kontserbatzailearekin lotutako itzulpen batzuen lekuko izan zen XIX. mende amaiera, zehazki ideia liberalen aurkako erreakzio frantsesekin, zenbait liburuxkatan adierazita. Laurent Diharassarry Aphezen dretchoac eta eguinbideac eletzioetan itzulpenaren egilea da (1890). Michel Elissambururenak dira Zer izan diren eta zer diren orain Framazonak munduan (1890) eta Framazonak, bigarren edizionea, eta Frantziako hirur Errepubliken istorioa laburzqui (1891). Hegoaldean, Jose Ignacio Arana jesuitak Félix Sardá y Salvany integristaren El liberalismo es pecado (1884) bi liburukitan egokitu zuen: Liberalen dotrina pecatu da (1887) eta Bai, pecatu da liberalquerija (1896).

Aldi honi amaiera emateko, José Colá y Goitiren La emigración vasco-navarra (1882) lanaren itzulpena aipatu behar da, milaka euskal gazteren exodoaren kronika, Marcelino Soroa antzerkigile donostiarrak euskaratua: Euskal Naparren joaera edo emigrazioa (1885). 

gora

[título del epígrafe] Euskal Pizkundea

Legoaldiren itzulpenaren azala (1929)
Legoaldiren itzulpenaren azala (1929).

Krisi politiko-sozialak, askotan, kultura-jardueraren akuilu dira. Euskal kasuan, 1876an euskal foruen behin betiko abolizioak berpizkunde literario garrantzitsu baten hasiera markatu zuen. Kulturaren sustatzaile eta hizkuntzaren ikertzailez gain, ordura arte ezagututako idazle belaunaldirik bikainena sortu zen, eta haien artean Lauaxeta eta Lizardi olerkariak nabarmentzen dira. Panorama horretan, kultura-sustatzaile nekaezin bat, Nicolás Ormaetxea Orixe, itzultzaile gogotsua ere izan zen: 1928an Iruñeko itzulpen lehiaketa bat irabazi zuen, Kixoteren bederatzigarren kapituluaren itzulpena saritzen zuena; hurrengo urtean argitaratu zen El lazarillo de Tormesen haren itzulpena (Tormes 'ko itsu-mutilla). 1930ean, Frédéric Mistralen Mirèioren itzulpena plazaratu zuen. Gerra Zibilaren ondoren ere itzulpen lanetan jarraitu zuen, ordurako testu erlijiosoen bertsioekin, hala nola Urte Guziko Meza-Bezperak (1949), Agustin Hiponakoaren aitorpenen bertsio bat: Agustin Gurenaren aitorkizunak (1956), edo Itun Berria (1967).

Orixerenaz gain, beste ekarpen interesgarri batzuk ere egin ziren itzulpengintzaren alorrean. 1927an, Joseba Arregi Txingudik Heineren poemen itzulpena argitaratu zuen (Heine’ren Olerkiak) eta Joseba Altunak Oscar Wilderen zenbait ipuin bildu zituen Ipuñak titulupean. Bi urte geroago, 1929an, Altunak berak Grimm anaien hamalau ipuinen itzulpena argitaratu zuen, hura ere Ipuñak izenburupean, eta J. A. Larrakoetxea Legoaldik alemaniar bildumagileen berrogeita hamar ipuinena, Grimm Anaien Berrogeitamar Ume-Ipuin izenaz. Aipatzekoa da, gainera, Charles Dickensen A Christmas Carol narrazioaren egokitzapena, Ander Arzelusek Luzear goitizenaz El Día egunkari donostiarrean argitaratua, Eguarri Abestia (1931) titulupean. Euskal antzerkigintzak bultzada handia jaso zuen 1934 eta 1936 artean, lan klasiko eta garaikideen itzulpen eta antzezpenak barne: Toribio Alzagak Macbeth taularatu zuen, Irritza (1926) izenburupean; Jokin Zaitegik Antigone (1933) euskaratu zuen, Sofoklesena; Imanol Apalategik Amal itzuli zuen (1934), R. Tagorerena; Iñaki Goenagak F. Schilleren Wilhelm Tell lanaren itzulpena argitaratu zuen entregaka, 1934-1935ean; eta Joseba Altunak Manuel Sota mezenas bizkaitarraren bi lanen bertsioak egin zituen, Buruzagijak (1935) eta Urretxindorra (1934) izenburuekin. Gainera, Antzerti aldizkariak gaztelania, frantses eta alemanetik itzulitako antzezlanak argitaratu zituen.

Amaitzeko, aipatzekoa da Raimundo Olabide jesuita gasteiztarra, testu biblikoen itzultzaile: Itun Berria (1931) eta Itun Zar eta Berria (1958). Gainera, San Inazioren Ariketa espiritualak (Loyola-tar Eneko Deunaren Gogo-Iñarkunak, 1914), eta Kempisa (Josu-Kristoren Antzbidea, 1920) ere euskaratu zituen.

gora

[título del epígrafe] Itzulpengintza diktadurapean

Espainiako Gerra Zibila eta ondorengo diktadura izan ziren aurreko literatura-mugimenduaren amaiera, eta egile askok Amerikako erbestetik lan egin behar izan zuten. Itzulpen literarioa autore klasikoen lanez hornitu zen nagusiki. Orixeren lanaz gain, “Kulixka” bilduma nabarmendu behar da, Plazido Mujika jesuitaren itzulpen batekin: Noni eta Mani. Islandiar mutiko biren gertaldiak (1952) Jón Sveinsson islandiarraren Nonni und Manni (1914) alemanierazko testutik abiatuta. Bilduma horretan argitaratutako beste itzulpen batzuk dira Itxasoa laño dago (1959) [Las inquietudes de Shanti Andia, Pio Baroja] (Jon Etxaide) eta Agurea ta itxasoa (1963) [The Old Man and the Sea, E. Hemingway] (Anjel Goenaga).

Aldi honetako itzultzailerik oparoena Juan Anjel Etxebarria (1934-1996) apaiz eta irakasle bizkaitarra izan zen. Katulo, Horazio eta Martzial poeta klasikoak itzuli zituen, baita zenbait poeta katalan, Perraulten ipuinak, Fedro eta Esoporen alegiak eta hainbat erlijio-lan ere. Santiago Onaindia karmeldarrak Virgilioren lan guztiak itzuli zituen Ibinagabeitiarekin elkarlanean, Horazioren Odak, R. Tagoreren hiru olerki, Danteren Divina Commedia eta, 1985ean, Homeroren Odisea. Gaizka Barandiaran jesuita Homeroren Iliadaren itzulpen baten egilea da: Iliarena (1956). Beste erlijio-gizon batek, Luis Jauregi Jautarkolek, Camilo José Celaren Pascual Duarte’ren sendia euskaratu zuen.

Erbesteko literatura-jardunari dagokionez, Jokin Zaitegi (1906-1979) poeta, saiakeragile eta itzultzaile jesuita ekarri behar da berriro, gerra aurretik egindako Antigonaren itzulpena dela eta jada aipatua baitzen. Gerraren ondoren, zenbait herrialdetan erbesteratu zen. 1945ean Ebanjeline [Evangeline, H. W. Longfellow] argitaratu zuen, gerra eta erbeste egoera bat planteatzen duena, gerra aurreko beste itzulpen batzuen bidetik, Mirèio edo Wilhelm Tell kasu. Sofoklesen tragediak ere itzuli zituen, 1946an eta 1958an argitaratuak; Medeia (1963), Euripidesena, eta, Euskal Herrira itzulita, Platonen lanak, 1975 eta 1979 bitartean. Amerikar erbesteko beste itzultzaile bat Andima Ibinagabeitia bizkaitarra izan zen. Euzko-Gogoa aldizkariko kolaboratzailea (Zaitegik 1950ean Guatemalan sortua), bertan Virgilioren (Bergili’ren Unai-Kantak, 1954) Bucolicasen itzulpena argitaratu zuen; geroago, Georgiken itzulpenarekin batera (Alor-Kantak), S. Onaindiaren Eneidaren itzulpenari gehituko zitzaizkion, Birgili’ren idazlanak osorik (1966) izenekoa argitaratzeko. Ibinagabeitia beste itzulpen batzuen egilea da, hala nola Maitebidea (1952), Ovidioren Ars amandi lanarena eta Abere-indarra (1953) antzezlana [La fuerza bruta, Jacinto Benavente]. Bedita Larrakoetxea apaizak, Legoaldi ezizeneko itzultzailearen anaia gazteak, Ingalaterra eta Hego Amerikako erbestea ezagutu zuen eta Shakespeareren antzerki-lanen itzulpenen egilea da. Euskal Herrira itzulita, 1974tik 1976ra Shakespeareren lan dramatiko osoaren itzulpena argitaratu zuen. Bingen Amezaga bizkaitar politikaria, Ingalaterra, Argentina eta Venezuelan erbesteratua, Shakespeareren Hamlet obraren itzultzailea izan zen (Hamlet. Danemark’eko Erregegaya, 1952), Juan Ramón Jiménez, Plinio, Eskilo, Zizeron, Wilde, Goethe eta beste batzuk itzultzeaz gain.

Formatu laburreko literatura-itzulpen ugarik material osagarriz hornitu zituen aldi honetako euskarazko aldizkari urriak, bereziki horietako bi. Aipatutako Euzko-Gogoa (1950-1959), Guatemalan lehenik eta Baionan geroago argitaratua, 48 egileren itzulpenak argitaratu zituen, besteak beste, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia eta Gabriel Aresti idazleen eskutik. Egan (1948-1987) aldizkariak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen organo gisa Euskal Herrian argitaratuak, 108 egileren itzulpen-lana argitaratu zuen, 46 itzultzailek euskaratua. Itzulpen jarduera horrek jarraipena izango zuen ondorengo literatur aldizkarietan, Ustela, Pott, Oh! Euzkadi, Susa eta 1980 eta 1990 urteetan sortutako beste asko bezala.

gora

[título del epígrafe] Espainiako trantsizioa eta euskal itzulpengintzaren urrezko aroa

Euskaltzaindiak 1968an onartutako euskararen bateratzea erabakigarria izan zen, gerora, euskarazko garapen soziokulturalerako. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, berpiztu egin zen ikastolen herri mugimendua, eta horrek euskarazko haur eta gazteentzako irakurgaien eskaria handitzea ekarri zuen. Ezinezkoa zen jatorrizko testuekin bakarrik erantzutea, eta, beraz, itzulitako literaturak garrantzi handia hartu zuen artean oso ahula zen literatura-sistema batean. Gero-Mensajero argitaletxe bilbotarrak Verneren eta Melvilleren hainbat lan argitaratu zituen gazteentzat, eta Plazido Mujikaren Noni eta Mani eta Mendiko Argia itzulpenak berrargitaratu; Hordago argitaletxeak ere gazte literaturako klasiko ugari argitaratu zituen: Twain, Carroll, London, Stevenson, Scott, Salgari, Stowe, Baum, Longfellow... Elkarrek gauza bera egin zuen, aurreko zerrendari Kipling, Rodari, Orwell, Goscinny, Härtling, Kästner eta beste egile batzuk gehituz. Lan horietako gehienak aldez aurretik gaztelaniaz moldatu eta argitaratutako bertsioen bidez itzuli ziren, zeinetan egiturazko alderdi asko eta konplexutasun sintaktiko eta erretorikoak sinplifikatu baitziren (López Gaseni 2000).

Aldi berean, urte hauetan, Gabriel Arestik sortutako Lur argitaletxearen lana nabarmendu behar da. Bertan, era askotako lanen itzulpenak argitaratu ziren, hala nola Itxura aldaketa (1970), Kafkarena, Xabier Kintanaren eta Arantxa Urretabizkaiaren eskutik; Bai mundu berria (1971), Aldous Huxleyrena, Xabier Amurizaren bertsioan; Kandido (1972), Voltairerena, Ibon Sarasolak euskaratuta; Lau gartzelak (1971), Nâzim Hikmet poeta turkiarrarena, Arestik berak itzulitakoa. Obra garaikideekin batera, lan klasikoen itzulpengintza ere aurrera zihoan: Don Kixote Mantxa’ko (1976), Cervantesena, Pedro Maria Berrondoren eskutik; Boccaccioren Dekamerone tipi bat (1979), Arestiren bertsioan, edo Shakespeareren lan dramatiko guztiak, esan bezala Bedita Larrakoetxeak argitaratuak 1974-1976 bitartean.

Eusko Jaurlaritzak 1980an hasi zuen bere bigarren aldia, eta hurrengo urtean Antzerti berrabiarazi zuen, ekimen publikoko Antzerki Zerbitzua. Horren ondorioz, antzerki-lan ugari argitaratu ziren, jatorrizkoak zein itzulitakoak, Goldoni, Castelao, Sastre, Fo, Sartre, Strindberg, Shakespeare eta beste zenbait egilerenak. 1990eko hamarkadan, Literatura-Itzulpengintzako Euskadi sariaren urteroko deialdiari hasiera eman zion Eusko Jaurlaritzak. Itzulpengintza-ikasketei dagokienez, 1980an Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zen Donostian, itzultzaile profesionalen lehen promozioetarako plataforma. Geroago, Deustuko Unibertsitateko (1990) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (1991) itzulpen-masterrak jarriko ziren martxan. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura (egungo gradua) 2000. urtean abiatu zen. Mendearen azken bi hamarkadetan, Euskaltzaindiak areagotu egin zituen bere araugintza-lana eta bere jarduera lexikografikoa, itzulpengintzaren garapenerako garrantzi handiko ekarpenak izan baitziren.

Literatura unibertsaleko lan klasikoen itzulpen sistematikoa XX. mendeko azken urteetan egin ahal izan zen, batez ere asmo handiko bi itzulpen-proiekturi esker: “Literatura Unibertsala” eta “Pentsamenduaren Klasikoak”. Lehenengoak, EIZIEk sustatua, 1990 eta 2002 artean ehun literatura-lan itzultzea ahalbidetu zuen. Haren bigarren etapak 2002 eta 2010 artean 52 lan gehiago argitaratzea ekarri zuen, eta hirugarren etapa batek 2011tik aurrera beste 50 lan itzultzeko helburua izan zuen. Bigarren proiektua 1991n hasi zen ehun titulu itzultzeko asmoarekin, kasu honetan pentsamenduaren arlokoak, antzinako Greziatik gaur egunera arteko egileetara. Itzulitako lanen gaiak filosofia, ekonomia, psikologia, hizkuntzalaritza, antropologia, historia, pedagogia edo teologia dira.

Ekimen publiko horiekin batera, beste hainbat bildumak itzulitako lanak bildu zituzten: Elkar argitaletxeak, 1983tik aurrera, Mercè Rodoreda, Pavese, Maupassant, Yourcenar, Böll, Laxalt, Gide, Bataille, Poe, Steinbeck, Apollinaire, Golding, Salinger, Dinesen eta abarren itzulpenak argitaratu zituen. Igela argitaletxea, berriz, genero beltzeko lanetan espezializatu zen bere sorreratik 1989an, eta Doyle, J. London, James M. Cain, McCoy, Scott Fitzgerald, Truman Capote, Thompson, Himes, Ballinger, Chandler, Highsmith, Hammett eta besteren lanak plazaratu zituen. Mende berrian, argitaletxe horrek bere eskaintza handitu eta S. Márai, N. Ginzburg, A. Baricco, Joseph Roth eta abarren lanak argitaratu zituen. 1991n, Erein argitaletxeak “Bartleby” bilduma jarri zuen abian, itzulpenak irakurtzeko ohitura sustatzeko testu labur eta erakargarriak eskaintzen zituena. Melvilleren Bartleby izkribatzailearekin hasi zen eta, geroztik, hamar bat titulu gehiago atera zituen: Rimbaud, Le Fanu, J. London, Baudelaire, O. Wilde, E. T. A. Hoffmann, N. Gógol, F. Dürrenmatt, J. W. Polidori, M. Twain... Alberdania argitaletxea itzultzaile talde interesgarri batez inguratu zen, eta C. Levi, A. Kristof, S. Zweig, D. Thomas, G. Grass, eta beste sartu zituen bere katalogoan. Urrezko aro honetako beste itzultzaile aitzindari batzuen artean, Xabier Mendiguren Bereziartu, Josu Zabaleta, Koro Navarro, Juan Garzia Garmendia edo Xabier Olarra aipatu behar dira.

Elioten Lau quartetto eta Lur eremua itzulpenak biltzen dituen liburuaren azala (1983)
Elioten Lau quartetto eta Lur eremua itzulpenak biltzen dituen liburuaren azala (1983).

Bestalde, literatura-hizkuntza aberasteko errepertorioak bilatu eta sortzeko prozesuan, eta lan gogoangarriak berridazteko modu gisa, hainbat euskal idazlek hartu dute parte literatura-itzulpengintzan. Esate baterako, Gabriel Aresti, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandiak liburuki batean bildu zituzten T. S. Elioten (Eliot euskaraz, 1983) obra poetikoaren bertsioak; Sarrionandiak Coleridgeren The Rime of the Ancient Mariner itzuli zuen (Marinel zaharraren balada, 1995), bai eta Manuel Bandeira brasildarraren (Antologia, 1999) poemak argitaratu ere. Lehenago, bere poeta gogokoen poema-hautaketa bat plazaratu zuen (Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, 1985), Pessoaren Marinela (1985) antzezlanarekin batera. Mikel Lasak honako hauek euskaratu zituen: Rimbaud (Denboraldi bat infernuan, 1991; Poemak, 1993), J.-P. Sartre (Paretaren kontra, 1980), Marcel Schwob (Mimoak, 1985) eta Alfonso Sastre (Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa, 1984). Beste poeta batek, Koldo Izagirrek, berriz, Castelaoren (Zirtzilak. Kristalezko begia, 1986), Uxío Novoneyra (Bazterrak/Os Eidos, 1988), Maiakovski (Poemak, 1993), Salvat-Papasseit (Antologia, 1995) eta Victor Hugo (Idi orgaren karranka, 2002). Narratibaren alorrean, Joxe Austin Arrietak M. Yourcenar (Hadrianoren oroitzapenak, 1985), Jaume Fuster (Beirazko giltzak, 1997), William Golding (Eulien ugazaba, 1990) eta Max Frisch (Homo Faber, 2001) itzuli zituen. Juan Kruz Igerabidek Baudelaireren (La Fanfarlo, 1991) itzuli zuen, Ovidioren Metamorfosia eta Homeroren Odisea moldaketen egile izateaz gain.

Milurteko berrian, 2002az geroztik, urtero, Jokin Zaitegi itzultzailearen izena daraman beka bat deitzen da, urte bakoitzean Nobel saria jasotako egilearen obra bat itzultzeko, eta horri esker itzuli dira Kerteszen Zoririk gabe, Pamuken Elurra, Lessingen Belarra kantari, Le Clézioren Basamortua, Aleksiévitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik, edo Ishiguroren Egunaren hondarrak, besteak beste. Poesiaren arloan, 2014an eman zitzaion hasiera “Munduko Poesia Kaierak” bildumari, eskaini dituena Georg Trakl, Maria Mercè Marçal, Aimé Césaire, Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade, Miguel Hernández, Anne Sexton, Paul Celan, Miroslav Holub, eta beste zenbait egileren antologiak. Azkenik, aipagarria da genero periferikoetan agertutako dinamismoa itzulpenei dagokienez; esaterako, haur eta gazte literaturan. Sektore horretan, esan bezala, itzulitako literaturak arloko ekoizpen osoaren bi herenak gainditzen ditu. Era berean, haur eta gazte literatura euskaratzeko lehiaketa bat ere bada, urtero Gasteizko Udalak deitua.

gora

[título del epígrafe] Itzulpengintza ez-literarioa

Demokrazia iritsi eta Espainiako Estatua autonomia erkidegotan egituratu zenean, 1979an Euskadiko Autonomia Estatutua eta 1982an Nafarroako Foru Hobekuntza onartu ziren. Erkidego horiek euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko legeak ezarri zituzten: elebitasun-dekretuak, euskara hezkuntza-sisteman, euskarazko irrati-telebista publikoa (EITB), helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko erakundeak, eta abar. Toki-erakundeek eta erakunde autonomikoek itzultzaileak eta interpreteak kontratatu zituzten, besteak beste, erakunde bakoitzean sortutako buletinak, aktak eta gainerako agiriak itzultzeaz arduratu zirenak, bai eta udal, batzar nagusi eta parlamentuetako ahozko hitzaldiak eta interpretazioak egiteaz ere.

EITBren inguruan, 1980ko lehen urteetan, Irrati eta Telebista Eskola bat eta bikoizketa zinematografikoko zentro bat (FIBIZE) sortu ziren, biak bizitza laburrekoak, laster itzulpengintza, bikoizketa eta ikus-entzunezko azpititulazioko hainbat enpresari bidea eman zietenak. Enpresa horiek ia ehuneko ehunean telebista partzuergoaren mende zeuden eta zuzendaritza bakoitzaren irizpide politiko eta linguistikoen mende ere egon ziren. Gerora, sektorea birmoldatu egin zen eta eskaintza dibertsifikatu behar izan zuen (Barambones 2009). Bestalde, 1987az geroztik, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-partida bat bideratzen du ikus-entzunezko ekoizpenak bikoizteko.

1980ko hamarkadan, halaber, EIZIE euskal itzultzaileen elkartea sortu zen, eremu guztietako itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteak biltzen dituena (literatura, administrazioa, enpresa, ikus-entzunezkoen ekoizpena, etab.), eta kolektiboa prestatu, zabaldu, ikusarazi eta defendatzeko lanak egiten ditu, eztabaida-foroen, ikastaroen, argitalpenen eta abarren bidez. Elkartea FIT, CEATL eta Red Vértice erakundeetako kidea da.

Hizkuntza-normalizazioa esparru guztietara zabaldu da. Zientziaren munduan, hainbat arlotako lexikoak argitaratu dira, baita unibertsitateko irakaskuntzara bideratutako eskuliburu ugari ere. Aipatzekoa da ZIO (Zientzia guztiontzat) zientzia-dibulgazioko bilduma, Euskal Herriko Unibertsitateak sustatua, 2003tik hogei bat titulu interesgarri argitaratu dituena, itzulpen zainduetan.

gora

[título del epígrafe] Beste hizkuntzetara itzulitako euskal literatura

Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzultzea, salbuespen gutxi batzuk kenduta, XX. mendearen azken laurdenean hasi zen indar pixka batez agertzen. Aurretik, XVII. mendean bi edizio elebidun agertu ziren, hogei bat itzulpen XIX. mendean (atsotitz bildumak, abestiak, elezaharrak, gai erlijiosoko liburuak) eta hogeita hamar pasatxo 1979ra arte. XX. mendeko azken bi hamarkadetan 301 itzulpen egin ziren, eta XXI. mendeko lehenean, 562 (Manterola 2014). Hala ere, zenbaki apalak dira, eta euskal literaturak pizten duen interes erlatiboki txikiaren isla.

B. Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak obraren alemanerarako itzulpenaren azala.
B. Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak obraren alemanerarako itzulpenaren azala.

Inflexio puntua Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) obrari 1989an narratibaren arloko Espainiako Sari Nazionala ematean bilatu behar da. Lehenengo gaztelaniara eta gero beste hizkuntza askotara egindako itzulpenak euskal literaturarekiko interesa pizten hasi ziren euskal mugetatik kanpo. Handik aurrera ere, kanpoko interesa egile horretan zentratu da nagusiki, zeina beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenen kopuruan nabarmentzen baita. Haren atzetik, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta agertzen dira gehien itzulitako egile gisa. Kontuan izan behar da azken hiru egile horien itzulpenak haur eta gazte literaturaren generokoak direla, gehien esportatzen den arlokoak. Bosgarren lekuan, urrun samar, Anjel Lertxundi dago. Beste hizkuntzetara gehien itzuli diren hamar euskal lanen artean, bederatzi Atxagarenak dira. Unai Elorriagaren SPrako tranbia seigarren postuan dago. 11.etik 20.era bitarteko postuetan, bederatzi lan haur eta gazte literaturaren arlokoak dira; bestea, 12. tokian, Atxagarena da (Zazpi etxe Frantzian).

Aipatu beharreko beste faktore bat gaztelaniarako itzulpenen nagusitasuna da (% 46,6, eta % 66,4ra iristen da Espainiako Estatuko gainerako hizkuntzetara egindako itzulpenak gehituz gero), eta horrek dakarren mendekotasuna, gaztelania ez den beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenen ehuneko handi bat hizkuntza horren bitartekaritzarekin egiten baita. Benetan esportatutako ingelesezko lanen ehunekoa % 2,46koa da (gainerakoak, % 8,45eraino, Euskal Herrian argitaratutako eta bertako irakurleei zuzendutako haur eta gazte literaturako lan elebidunak dira), eta horien atzetik datoz frantsesera, alemanera eta italierara itzulitako lanak. Zeharkako itzulpenaz gain, nabarmentzeko beste faktore bat autoitzulitako lanen ehuneko handia da, % 39,67ra iristen baita. Bi fenomeno horiek euskaratik abiatutako itzulpenaren profesionalizaziorik eza islatzen dute (Manterola 2014).

gora

 

potencial para la investigación Ikerketarako potentziala

Euskarazko itzulpengintzari buruzko ikerketak garapen handia ezagutu du mende berrian, hainbat alderdiri buruzko doktorego-tesiekin, hala nola egile jakin batzuen obraren itzulpenak, haur eta gazte literaturaren itzulpena, ikus-entzunezko itzulpena, itzulpenaren tratamendua literatura-historiografietan edo euskal literaturaren itzulpena beste hizkuntza batzuetara.

Beste alderdi batzuek esplorazio-eremu zabala dute eginkizun; besteak beste, autoitzulpena, itzulpen-arauen azterketa sakona, jatorrizko eta itzulitako literaturaren arteko harremanak, eta gutxiago aztertutako generoen itzulpena, hala nola poesia edo literatura dramatikoa.

gora